Lehenengo saria euskaraz 2008

Olatuak

Iban Eskudero


Olatuekin gogoratu zen, pasa den asteburuan Donostian ikusi zituena. –Ez nintzen amarekin ongi portatu–, pentsatu zuen etxe aurreko espaloiarekin aztapatzen zen bitartean. Agian «Sovian»-en norbait aurkituko dut kaña pare bat hartzeko eta azkeneko gertakariez eztabaidatzeko. Ez, ez nintzen amarekin behar den moduan portatu ezta Anerekin ere. Zer egin behar diogu, bizitza horrelakoa da eta hanka sartuz bidea egiten ikasten dugu. Hanka sartzerik handiena, hanka sartu duzula ez konturatzea da, horrela esaten zidan aitonak, gizon jatuna. Askotan gogoratzen naiz berarekin, gizon sendoa, bizitzak emandako zauriz bihotza josia, esku indartsuak, basoko lanetara ohitua eta gerrako urte krudelak jasandakoa. Bere anaia gazteenaz askotan hitz egiten zidan, tren bidera bere burua bota zuena frentera ez itzuliarren, asko maite baitzuen anaia. Ez nuen Joxe aitonaren anaia gazteena ezagutu, lastima…
Kaleko txoko honetan, haurrak ginenean, auzoko haur guztiak elkartzen ginen. Gogoan dut, nola bertako haurrek nire lepo barre egiten zuten esaten nuenean nik «abuelo» ez nuela, nik aitona nuela, edo eskolako idazlan batean irakasleak esan zidanean «mi aitona» ez idazteko, «mi abuelo» baizik, –ez lukete horrelakorik esanen nire aitona ezagutuko balute–, pentsatzen nuen. Orduan konturatu nintzen bi mundu desberdin artean jaio eta bizi nintzela.
Ane ezagutu nuenean auzoan egiten den gaupasa famatuan izan zen eta gogoratzen dut nola bihotzak eztanda egin zidan, asko maite dut Ane, ez nintzen ongi portatu berarekin larunbat gauean.
Olatuen indarra ikaragarria da, hau olatuak, Donostiakoak. Behin itsasontziko kapitain bizkaitar bat ezagutu nuen, munduari itzulia emandakoa eta berak esan zidanez, Kantauri itsasoa asarratzen denean ez dago mundu osoan itsas okerragorik. Berak bere larruan ongi ezagutu zuen Bilboko portuan sartzean eta bere itsasontzia «Yolanda» izenekoa, ekaitz zital baten erdian betiko ondoratu zenean. Itsasontzi bat emakume izenarekin ez dago ongi ikusia eta tristeziaz horrela esan zidan: -agian beste izen bat jarri izan banio...-. Emakumea eta itsasoa betidanik elkarren kontrako indarrak izan dira itsas siniskerietan, bestela galde diezaiotela Ursua kapitainari «El Dorado» konkistatzera bere amorante mulatarekin abiatu zenean. Baina dena gaizki ateratzeko, norena izan zen errua?, amorante mulatarena ala Agirre euskaldunarena, Marañonen kapitainarena?. Emakumea betidanik izan da gutxietxia gure herrian, hau herri bitxia gurea.
Anek begi txiki eta biziak ditu, ez da munduko neskarik politena baina nahiko da bere ahotik hitz txiki bat ateratzea nire gorputza dardar egiten hasteko. Deitu beharko nioke larunbat gaueko eztabaida ahazteko. Maitasunak bilatzen gaitu baita txoko ilunenetan ere. Etxola bat egin nahi nizuke baratze eder batez jantzirik eta larroxa gorrien usainez inguraturik. Desioz urrunetik begiratzen zaitut zu ohar ez zaitezen.
Arratsalde ederra gaurkoa. Horrelako arratsaldea izan zen amona betiko alde egin zuenean. Arratsalde hartan, aitonari baserri handia txiki geratu zitzaion ehorzketa ondoren, baserria senidetartekoz beteta egon arren eta Iruñera bueltatzeko ordua ailegatu zenean, muxu handi bat eman nionean. Bakardadea sentitzen baitzuen segur aski, nahiz eta etxea jendez gainezka egon. Hala nabaritu nion bere begi urdinetan. Geroztik, bakardadea ez zitzaion inoiz alde eginen, bakardade, bakardadea hotza baita.
Aupa Txuma, zer moduz? Mutil jatorra Txuma, ez da pertsona berdina atxilotu zutenetik.
«Sovian» edozein lekutan topa daitekeen taberna normal bat da. Bertan auzoko jendea elkartzen da, jende langile, arrunta, bizitzari aurre egiten diona, maite dudan jendea. «Sovian» tabernaren laino artean, hasi ginen lehenengo txupitoak edaten eta lehenengo kanutoak erretzen, oroitzapen onak. Bertan ere, neska bati lehenengo muxua eman nion, orain ez dut ezta bere izena ere gogoratzen. Beste garai batzuk ziren, «gris»-en garaiak. Asko sufritzen duen herria da gurea, sufritzera ohitua. Zer izanen ote da gure gazteriaz hemendik ehun urtetara?, auskalo.
Aneri deitu beharko diot, orain ikasten ariko da. Anek ezpain potoloak ditu oso erakargarriak. Askotan bera ikasten ari den bitatartean arratsaldea bera begira pasatzen dut, ez dut beste egitekorik behar. Pelma hutsa naizela esaten dit askotan, hortan hobetu beharko nuke nire jarrera, pelma hutsa bainaiz.
Nor izan ote da Patxiri gurpilak zulatu dizkiona?, a ze broma. Ez dakit zergatik galtza hauek hain estu geratzen zaizkidan, agian zertxobait gizendu naiz. Galtza estuak asko gustatzen zaizkit, sentsualitatearen sinbolotzat hartzen baititut.
Txikitan, asteburuero herrira joaten ginen aiton-amonaren baserrira, desioz itxaroten nuen asteburua noiz ailegatuko zain, bertan libre sentitzen bainintzen. Gauero, txori bat naizela pentsatzen dut eta hiria lo dagoen bitartean nire gelako lehiotik ihes egiten dut .Mundu honetatik alde egiten dudala sinisten dut. Amak askotan esaten dit hodei artean bizi naizela, egia ote da?.
Hitzen artean itotzen den jendea askotan ikusten dut kalean zehar bere sakeleko telefonoari itsasita. Ez dakite hitz horien benetako esanahia, edo ahaztu zaie? Stressa, kaosaren irudikapen hutsa direla iruditzen zait. Niri kaosa ez zait batere gustatzen eta mendira bizitzera joan nahi dudala askotan esaten diot Aneri, berak barre egiten du, ez da arritzekoa.
Auzoa ederra dago, polita benetan. Jendeari amets egitea ahaztu zaio, lanaren egonezinak astoratzen du haien esistentzia, pisua ordaindu behar, azken telebista modernoa erosi beharra… kontsumismoak salbatuko dituelakoan daude, erabat okertzen dira.
Askotan gogoratzen naiz zurekin, mendi artean galdu zaren hori. Ametsetan hitz egiten didazu, amets, Amets deituko dizut hemendik aurrera. Ni ez naiz inor inori aholkuak emateko, baina askotan gogoratzen naiz zurekin. Orain, urtetarako galdua zara. Zenbat lagun alde egin dute mugaren beste aldera... Ez dut nahi berriro ere triste jartzerik.
Udazkenak zuhaitza artean bere arnasa sakabanatu du. Nabaria da berehala negua ailegatuko dela. Zelaiak berde-berde daude. Gaur, berri txar bat jaso dut eta triste xamar nago, Ane besarkatu nahi nuke. Aneri autoan lardaskan ibiltzea gustatzen zaio, beti toki ilunak bilatzen ditugu, jendearen begiradetatik hurruntzeko. Adiskidetasunaren eta maitasunaren arteko muga non ote dagoen maiz pentsatzen dut, ala biak gauza bera dira?
Gutxi falta zait «Sovian»-era ailegatzeko. Uste dut Imanol arratsaldez dagoela lanean. Onddoak jada ateratzen hasiak dira, bihar herrira joanen naiz bueltatxo bat ematera. Bakardadea beharrezkoa da noizean behin, eta baso itxietan, haritz artean, bakarrik nagoela pentsatzeak arima lasaitzen dit, orduan abesten hasten naiz. Amonak beti esaten zidan ahots polita nuela aitonarena bezalakoa. Aitonak gutxitan abesten zuen, jende aurrean behintzat.
«Sovian»-en ate zaharra nire aurrean dut, kartelez josita beti bezala. Minutu pare bat ematen dut azken ikastaro, eskaintza eta konzentrazioak zeintzuk diren errepasatzen. Orain hamar urtetako kartel berdinak dira, itsuraldaturik. Zerbait aurreratu ote du gure herriak? Bitan pentsatu gabe atea bultzatzen dut eta barrura sartzen naiz, Trejo tabernaria agurtzen dut eta kafesne bat ateratzeko esaten diot. Bapatean, norbaitek deitzen dit, atzera begiratzen dut eta hantxe aurkitzen dut Ane, mahaia batean jarrita. Irribarre zabal batez agurtzen nau, tabernako zigarroen lainoa, musika eta alboko jendea bapatean desagertu da. –Kaixo Ane zer moduz–, muxu handi bat ematen diot.
Ametsetako mundura ailegatzen naizenean olatuen joan-etorriak gorputza astitzen dit. Kresalak begiak zabalarazten dizkit, astiro, maitasunez. Biluzik itsarongo zaitut ur gazietan, biluzik betiko, ur gazietan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario