Lehenengo saria euskaraz 2007

Bihozgabeen iraultza


(Aztizaldi)

Bi hilabete
pasa dira jada. Bi hilabete, burnizko izakiak gurean sartu eta auzoko berdegune handi eta ederrena okupatu zutenetik. Bi hilabete luze, gaueko iluntasunaren babesean eta isiltasunean, inori baimenik eskatu gabe guztiona baina inorena ez den txoko hau bereganatu zutenetik.
Eta bi hilabete hauetan haur, gazte eta helduak inbasio honen kontra agertu bagara ere, bertan jarraitzen dute, handitasunak eskaintzen dien berezko indar nazkagarriari esker.
Gure lurraldean euren gorputz erraldoiak finkatu zituztenetik, zeregin hobeagorik ezean, belarra jan eta jan aritu dira. Etengabeko irenste inkontrolatu horrek, ordea, goragalea sortzen die eta gustua hartu izan baliote bezala eguneroko dinamika bihurtu dute hau: belarraz erabat asetzen dira lehenengo, porlana oka egiteko gero. Gure berdegunea, egunetik egunera gero eta txikiagoa da eta hauen ordezko porlan bloke handiek zail egiten dute belardia berreskuratzea.
Auzokideen izenean, birritan saiatu da lau pertsonez osatutako taldea burnizko izaki atzerritarrekin hitz egiten, dena alferrik izan da ordea, orroak, marruak eta intziriak baino ez dituzte jaso erantzun gisa. Eta... zer egin besteen hots zakar-ozena isilarazi eta euren doinu apala gainjartzeko?? Izaki hauek, gainera, ez dute ezer esateko, ezkutuko eskuen menpe dauden txotxongiloak baino ez dira. Burmuinik gabe eraiki dituzte burujabeak izan ez daitezen; bihotzik gabe senti ez dezaten. Horrela, nola arrazoitu?
Baina zer edo zer egin beharra dago auzokideen bizimodua asko aldatu baita azken 8 asteotan. Auzo lasaia izan da beti gurea; nire etxea berdegunearen parean dago eta txorien txioak eta ume txikien irriak entzuten nituen leihoaren bestaldetik jaiki eta leihoa ireki bezain laster. Gaur egun, leihoa ireki gabe ere izaki horien orroak baino ez ditut entzuten eta goizeko ihintz fresko goxo hori uneoroko hauts-laino itogarri bihurtu da. Zuhaizpeen epelaren ordez pareta amaigabeen itzal hotza aurkitzen dugu eta hodeiertz amaiezinaren begi gozamen hori bloke grisek mugatzen dute orain. Gristasun hori kutsatu egiten da gainera, auzokideen irribarreak ezabatu egin dira beren aurpegietatik eta begi dantzariek, agian ikuspegi berri monotono eta koloregabe honen ondorioz, lurra dute orain ikuspuntu.
Eta... onartuko dut; hasiera batean auzoko haurrei izaki hauen bisita gustatu zitzaigun; aldaketa bat suposatu zuen guretzat, nobedadea. Ekarri zituzten harri multzoetan gora eta behera ibiltzen ginen gure bizikletetan eta bidoi nahiz burnizko izaki hauen artean gustura aritu ginen ezkutaketan, baina... bizikletatik erortzean jada ez dugu belar berdearen koltxoiaren babesik eta Inaxio, Ganix, Ziortza eta Gartxot itota ibiltzen dira egunero eta uneoro inguratzen gaituen hautsarekin. Gainera, porlan eta adreiluzko eraikinak gero eta leku gehiago hartzen ari dira eta gure jolasteko gune honen espazioa gero eta txikiagoa da.
Orain bi aste, bestelako izaki batzuen bisita ere jaso genuen. Hauek ez ziren burnizkoak, bere itxura gurearen an-tzekoa zen baina berdeak eta beso luzeak ez izan arren, beste mundu batekoak ziruditen. Hauen agerpena flash moduko argi izpiez lagundutakoa izan zen. Buruan kasko handia zeramaten eta lepotik zintzilik koloreetako oihal zatiak. Ilun janzten zuten denek eta hauts artean ibili baziren ere, garbi jarraitzen zuten alde egitean. Argia zetorren lekuetara begiratu eta irri egiten zuten baina irri horiek ez zuten alaitasuna edota zoriontasuna islatzen, alderantziz, irribarre zuriak ziren, faltsuak; gutxi erakutsi eta asko ezkutatzen duten horietarikoak; gure kontura barre egiten ari ziren irriak. Burnizko izakiak isilik geratu ziren hauen agerpenarekin batera, beraiek ere beldur balira bezala. Uste dut, lepotik gogor estutzen dituzten ezkutuko esku horien jabeak aurrez aurre ikusten zituzten lehen aldia zela.
Baina gu ez gintuzten kikildu eta egoerari irtenbide bat eman asmoz bildu ginen auzoko haurrak zelai inguruan. Egia esan, egun tristea zen hura Margarita amona aurreko gauean hil baitzen. Margarita emakume handi bat zen eta gorputzaren tamainaren antzekoa zuen bihotza: beti irribarretsu, guztiontzat hitz goxoak zituen; istorio fantastikoak kontatzea zuen maite. Eta bere istorio horietako batean aurkitu genuen arazoari aurre egiteko modua. Margarita haserretu ez izana espero dugu... izan ere, ... bihotza «lapurtu» genion. Bihotza hartu eta... gurasoak hiletan zeuden bitartean lo zeuden burdinazko izaki horietako bati transplantatu egin genion. Emaitzaren zain geratu ginen ordubete luzez, izaki horren erreakzioaren zain baina loti horrek ez zuen esnatu nahi izan eta etxerako bidea hartu behar izan genuen gurasoak elizatik ateratzean.
Hurrengo arratsaldean, ikastolatik ateratzean han ginen berriro ere. Burdinazko izakiek bertan jarraitzen zuten, orroka, intzirika, irenste amaigabe horretan kontzentratuak. Horietako batean antzeman genuen aldaketarik hala ere. Zelaiaren albo batean zegoen eserita, jateaz nazkatu eta eserita egote horretan gauza interesgarria aurkitu izan balu bezala. Bere ahotsarekin jolasean ari zen, esperimentazioan eta gainerakoen hots zakar horren ordez ume jaioberri baten antzeko soinuak ateratzen zituen. Bere argi-begiak urdin hotz izateari utzi eta kolore gorri-laranja bizia zuten orain. Zalantzarik gabe horrek izan behar zuen Margaritaren bihotza. Arratsalde osoa eman genuen ari begira, gure plana ondo atera izanaz emozionatuak. Iluntzean, atzerritarrak lo hartzean hurbildu ginen azkenean harengana. Ez genuen oso argi nola jokatu, zer egin, zer esan, eta bera, soinuak atera-tzeko jolas horretan zentraturik ez zen gure presentziaz jabetu. Ziortzak orduan zuhaitz batetik eroritako adar bat hartu eta zintzilik zirauten hostoekin kilimak egiten hasi zitzaion. Irri goxo batekin erantzun zuen berak. Geldi geratu ginen gu orduan, irri horren ostean gerta zitekeena ezin asmatu. Burnizko izakia ere isilik eta guri begira geratu zen. Bat-batean, mugimendu azkar batekin Ziortzari eskuetatik adarrak kendu eta... gu, gure kontra hasiko zela pentsatu genuenean bere buruari kili-kiliak egiten hasi zen. Gustura egiten zuen barre, orain arte esperimentatu gabeko sentsazio horrekin gozatuz. Aurpegiaren espresioa aldatu zitzaion; nola ez zitzaion aldatuko bizitzan zerbait sentitzen zuen lehen aldia izanik?? Momentu horretan, gu ere barre eta algaraka hasi ginen, ordura arte pilatutako tentsio guztia askatuz. Lurrean bukatu genuen, arnasestuka, horrenbeste barre egiteaz masailetako minarekin.
Gure ospakizuna derrepentean moztuz, lurra mugitzen hasi zen, «lurrikara!!» oihukatu zuen Ganixek. «Lurrikara!!» oihukatu genuen denok noraezean korrika egiten hasiz. Eta orduan jabetu ginen lurra mugitzen zela, bai, baina naturak sortutako mugimendua ez zela hura. Burnizko izakia bere kideengana hurbildu eta haiei kilimak egiten hasi zen, eta hauek denak ere, gure harridurarako, barre inkontrolatuan hasi ziren. Batetik bestera mugitzen ziren bere beso eta gorputz sendoak zeren kontra jotzen zuten kontuan hartu gabe. Horrenbeste gustatu zitzaien, adar gehiago hartu eta batzuk besteak zirikatzera jolastu zirela denbora luzez. Gu harri eta zur begiratzen genien, 8 aste luze horietan egindako «lana» denbora gutxian nola suntsitzen zuten ikusiz. Ez zen horma bakar bat ere zutik geratu, lurrean sakabanaturiko harri multzoak besterik. Eta harritzar horiek erortzearekin batera apurtu ziren burnizko izaki horiek loturik eusten zituzten kateak ere, behingoz txotxongilo izateari utzi eta, aske ziren.
Gertaerak oihartzun handia izan zuen, «Bihozgabeen iraultza» izena eman zioten hainbat egunkaritan, auzoko jendea hala ere, pozik zen. Imajina dezakezuen bezala gure parkea hankaz gora geratu zen baina 60 gau eta egun gris luze horiek atzean geratu ziren bihozgabeen iraultzarekin; hodeiertza kolore anitza da berriro ere, parkea berreskuratu dugu eta bihoztun burdinazko izaki erraldoi batzuk ditugu orain lagun. Lehengo berdegune handi eta ederra izan dadin gogotsu egin beharko dugu lan baina... auzokideak ez dira lanaren beldur.
«Margarita bihotz-handi» izena eman diogu parkeari bere esentziak gure artean luzez iraun dezan. Hari esker, guk ere izango dugu kontatzeko moduko istorio erreal ezin fantastikoago bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario