Lehenengo saria euskaraz 2005

Herioaren azken hatsa
(Arantxa Santesteban Pérez)

Jadanik ez du atzera bueltarik. Herioari ez dago bizkarra ematerik; eta bere jomugan harrapatua zaitu. Gorputza hotz duzu eta ikararen dardarak zeharkatzen du zure gorputz zimurtuaren geografia. Kanpotik, hotz dago zure larruazala; barnetik, berriz, azken hatsaren berotasuna sentitzen hasia zara. Ez dakizu zein izan den heriotzaren hatsaren iturburua. Hor nonbait hasi zaizu bizitza bukatzera zoazen honetan. Hor nonbait, zure existentziaren zulo infinitu eta ilun horretan. Zure gorputzaren Zain Hezur Heste guztietatik barreiatzen ari da, ordea, eta orain zure Begien ertzean paratu da. Azken hatsa zure Begien ertzean.
Eta egia da Bizitzari adio esateko momentuan Bizi Izandakoaren Pasarteak begi aurrera bertaratu ohi direla. Arrazoia eman beharrean zaude hitzetik hortzera funts zientifikorik gabe hau aireratu duten hamaika jakitun, mediku, zientzialari eta ez horren zientzialariei. Hor nonbait zure azken hatsaren lanbro artean neskatxa gazte baten irudia agertu zaizu begi aurrera...
Gazte zinen hartakoa. Hemezortzi urteak bete berriak. Bizitza zuretzat eskuen artean zenuen txiklea zen eta hantxe ibiltzen zinen harekin jolasean, esku batetik bestera pasatzen, bizitzaren txiklea zure hatzen inguruan Itsasten eta Kentzen eta Luzatzen eta Tiratzen eta erditik Zatitzen. Zenbat alditan utzi zenuen zuk bizitza, txiklea bailitzan, izkina ezjakinetan itsatsita, ahaztua! Zenbat alditan utzi zenuen albo batean, zure sena amildegian barna barreiatzen zen bitartean! Zenbat aldiz egin zenion desafioa aurrean paratzen zitzaizunari! Ez zinen, ez, zu gazte arrunta. Ondokoek esaten zizuten begirada zorrotz hark zerbait ezkutatzen zuela. Zure begiak inor eta ezer baino lehenago iristen zirela leku guztietara. Zure begi ilun haiek beti emozio egarriz ibiltzen zirela.
Eta hantxe zinen. Plazeraren festan. Mutil haren gorputzaren gordelekuetan barrena. Bere azal beltzaranean zehar zure igurtzien erreinua osatzen. Debekua dastatzeak duen plazer itsuaren protagonista zinen momentu haietan. Eta nola musukatzen zenituen haren ezpainak, eta berak zureak. Ez zinen, ez, zu horrelakoetan jaioa, baina maparik gabe ere erraz moldatzen zinen plazeraren errepideetan barrena.
Mutil haren begiak etorri zaizkizu heriotzaren une honetan bertan. Hortxe daude bere begiak, hilzorian zauden honetan, zuri so. Zerbait esan nahiko balizute bezala. Zer gertatu zen, ordea, horrenbestetan begiratu zizuten begi haiekin? Ez ziren zure ondoan beti geratu. Mutil harekin larrutan egon osteko bere hutsunearen eszena paratu zaizu begien aurrean. A, bai. Berarekin izan zenuen agur mingarri hartako momentuak agertu zaizkizu.
Joan beharra daukat esan zizun. Eta zure lepoan zintzilikaturik zilarrezko lepokoa ipini zizun. Joan? Nora?, zure hitzak. Inork aurkitu ezin izango nauen lekura, bereak. Hori izango zen bizitzan zehar hutsunearen oinazea jasoko zenuen lehen aldia. Gerora beste asko etorriko ziren. Eta bere begi Ilun Emankor Ulerkor haiekin begiratu zizun bere pausoak urruneko bideren baterantz zuzendu aurretik.
Orain begiratzen dizuten bi begi horiek dira.
Eszena bat-batean aldatu egin da. Jadanik ez da minaren begirada zure heriotzaren filmografian agertu den hurrengo eszena. Emakume koskortu bat agertu da, bi umek inguratzen duten emakume koskortua...
Ez zinen zu, ba, umezalea inoiz izan. Zenbat alditan errepikatzen zenien zure ondoan biltzen ziren emakumezkoei umeak izatearen arriskuaz! Ondo hezi behar zirela eta hori Dedikazio eta Ardura handiegia zela bere bizia zerbaiten alde ematea erabaki zenutenontzat. Ez dakizu, baina, ze momentutan apurtu zenuen zure Bizi Legediaren Arautegia. Noiz eta zergatik abandonatu zenuen zure Konbikzioa. Zu, eredugarria izan zinena. Arau sozial ezarriak apurtu beharraren aldarria, mila aldiz egin zenuena. Eta mila aldiz apurtu zenituena. Bi haurtxo zenituen zure inguruan orain. Eta zerbait aldatua zen hemezortzi urte, eta hogeita sei, eta hogeita hamar, izan zituen neskatxa harengan. Jadanik ez zinen Zu, orain Ama zinen. Eta, beraz, jadanik egoeraren inguruko analisi eszenatoki aukera baldintza politikoak teoria eta praxia hausnarketa eta formazioa hitzak ez zeuden zure hiztegian. Bestelakoak ziren orain zure hizketaldiak. Pediatra kaka esnea ikastola maisu hortzak ziren zure hiztegi konposatua osatzen zutenak.
Eta parkera doa zure irudian agertzen den emakumezkoa. Esku bakoitzean bi umetxo daramatza, Izan Zena iraganaren kutxan gordeta duela, Damuaren lehenengo notak bere barnean kolpatzen hasiak diren honetan. Eguna argitsu ageri da. Bere barneko hiriaren gordelekuetan, ordea, euria ari du.
Hurrengo irudia. Hau da ezagunena zuretzat. Zu ageri zara. Orain bai, zure irudiaren forma antzematen diozu leihotik begira ari den zaharturiko emakume horri. Ez al da atzoko eszena orain begi aurrera etorri zaizuna? Atzo izan zen leihoaz bestaldera begiratu zenion hamaikagarren aldia.
Azken eszena izango den susmoa daukazu eta dardarak jadanik bere egin zaitu. Bizitzari agur esatera zoaz. Gero eta zehaztasun gutxiago dauka dakusazun, eta Zu zaren, emakume horrek. Zer ari zara begira, bada? Zer dago leihoaz bestalde? Zergatik eman dituzu zure existentziaren azken egunak Hortxe, Geldo, Bakardadearen Altzoan? Orain konturatzen zara. Jadanik berandu, jadanik zer egiterik, zer esanik sikiera, ez dagoela. Zain egon zara. Bazterturik geratu ziren aldarrikapenak noiz iritsiko. Gaztetan horren sutsuki defendaturikoak noiz egia bihurtuko. Begi ilun haiek noiz zure atea joko. Noiz esku gazte haiek zure haragia ferekatuko. Noiz bi ume horiek zure ondora itzuliko. Zain egon zara zure Oroitzapenen Itsasoan.
Eta jadanik ez dago ihesbiderik. Bizitzaren azken une hauetan zure ibilbidea ikusi duzu. Bizi arrunta, aztarna handiegirik utziko ez duen ibilbidea. Eta zure azken hatsaren berotasunak zure barneko egunsentiari bide eman dio. Berriro bizitzeko aukera txikiena emango balizute ere berbizitzen ikasi beharko zenuelako. Behin bizi izanda ere Existentziaren Joko Arauak ikasten ez direlako. Hamaika bizi izanik ere bizitza bera ikasten ez delako.
Segundoak besterik ez. Adio esatera zoaz. Bizitzaren azken arnasa begien ertzetik gainezka egiten hasia zaizu. Eta jadanik hotza nagusitzen hasi da zure behatz, zure zango, zure hankarte, zure bular, zure besoetan, zure existentziaren luze zabalean. Bizitzaren lubakia uztera zoaz, etsi zara, hotza garaile atera da azken guda honetan. Hiru, bi, bat... Beltza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario