Muxu truk
Ipar Alkain Cazabon

Hoztasun pittin batez, baina zehaztasun eta profesionaltasunez eman zizkioten argibideak Manuri, sarrerako informazio gunean: 
-Berrehun eta hogeita hirugarren gela, igo zaitez igogailuan nahi baduzu, han atzean dituzu igogailuak, bigarren solairuan ezkerraldera duzun pasabidea hartu eta eskuinaldeko azken gela da. 
Gero, argibideak errepikatu zizkioten (bai, ezkerraldeko pasabidea, berrehun eta hogeita hirugarren gela, hori da).
Berrehun eta hogeita hirugarren gelaren atarira iritsitakoan, Manuk gela hori berrehun eta hogeita hirugarrena zela egiaztatu zuen, ate gaineko lauki formako idazkunak adierazten zuenari erreparatuz. Dena dela, sartu baino lehen zalantza egin zuen, eta baita ostean ere, okerreko lekuan egoteko beldurrez. Ustekabean barneratu zenean, baimena eskatzen duenaren geldotasunaz, bere begiek alde guztietara egin zuten so: teilatura, zorura, leihora, errezelera. Azkenean, ohe bi ikusi zituen. 
Lehenengoan, sarreratik hurbilago zegoen ohean, Jone zetzan. Denbora-pasa paretaren xehetasunak aztertzea zuen. Bigarrenean Oihane zetzan. Denbora-pasa liburua irakurtzea zuen. Bien ala bien aurpegiek, begitarteek batez ere, argi eta garbi uzten zuten han ez zeudela oporretan.
Manuk, zer egin ezean, patrikan ekarritako sagarra eskuratu eta hari kosk egin zion. Ondoriozko onomatopeiak bi emakumeen arreta erakarri zuen. Aitzitik, bakarra mintzatu zitzaion Manuri, gazteena hain zuzen ere, liburu irekia magalean lagatzearekin batera.
—Kaixo?
—Hor zaude. Kaixo, Oihane –inguratu zitzaion Manu.
—Hara, Manu zara eta –agondu zen berehalakoan Oihane, bere bizkarraren mesedetan.
—Bai –besterik erantzutea ez zitzaion bururatu Manuri. Behatzaz ohe ondoko aulkia seinalatu eta begiradaz itaundu zion Oihaneri. Emakumeak baietz egin zuen buruaz.
—Nolatan zu hemen? –jakin nahi izan zuen Oihanek, nolabaiteko harriduraz, doinuak baino gehiago, agerian bekainak jasotzeko moduak utzi zuena. 
—Itziarrek esan zidan atzo istripuarena, eta hemen zinela. Eta gaur etortzen ahal nintzenez, bisita egitea erabaki dut –azaldu zion, ezerezarekin estropezu egin eta erori gabe aulkian ozta-ozta  jesarri ostean, sobera zurrun.
—Hasieran ez zaitut ezagutu, aspaldiko –nabarmendu zuen Oihanek, elkarrizketa indarrez hasi arren, doinu gero eta ahulagoan. 
—Ezta nik ere. Normalean dotoreago janzten zara. Eta orraztuta zaude. 
Eskuin eskuaren hatz luzea erakutsiz erantzun zuen Oihanek. Ezusteko agerraldiak sortu zion hastapeneko ezinegona uxatuz zihoan. Manuk halabeharrezko galdera egiteke zuela gogoratu zuen orduan:
—Aizu, zer moduz zaude?
—Suposatuko duzu. Ondo ez. Ospitalean naiz. 
—Ez, benetan, nola zaude? Sekulako sustoa izango zen, ez? –bigarren aldiz hozkatu zuen sagarra Manuk. Honek ere lasaiago sumatzen zuen bere burua.
—Bai, bai. Susto haundia izan zen. Baina haundiagoa sustoa beste ezer baino, eskerrak.
Oihanek, ahotsa ez ezik, gorputza ere nekatua izango zuen, ez baitzen apenas mugitzen, ezohiko legez.
—Ezer larririk ez –jarraitzera gonbidatu zuen Manuk.
—Ez, ez. Minduta belauna daukat, batez ere. Eta pixka bat bizkarra eta ukalondoa eta lepoa, eta... -aipatu ez zuen gorputz atala laztandu zuen Oihanek maindireen azpian-. Hausturarik ez dago behintzat. Etzi itzuliko naiz etxera, seguruenik. Herrenka bada ere. 
—Ondo, orduan?
—Esan beharko.
—Ni lanean baino hobeto zaude zu hemen. Unibertsitatera ez joateko aitzakia izan da guztia, bistan da.
—Bai, horixe –oiloak perratzera bidali zuen Manu berriro ere, hatz luzearekin eta mingaina atereaz. Manuren irribarrea sagarrak ezkutatu zuen-. Itziarrek apunte guztiak ekarri dizkit, hala ere. Aizu, eta zu zer, zertan zabiltza? Tuboen lantegian oraindik?
—Ez, orain paper-denda batean. Beste zerbait aurkitu arte –ahoskatu zuen zailtasunez Manuk, beste sagar-puska bat zela medio.
—Ikasketak betiko utzi dituzu, orduan? Hain txarra ere ez zinen eta.
—Ez dakit. Hurrengo urtean itzuliko naiz, agian.
—Aizu, harri eta zur nago, etorri zarelako. Ezustekoa hartu dut –esan zuen, pentsatu ondoren, Oihanek.
—Ezusteko positiboa ala negatiboa?
—Ezusteko bat. Eskerrik asko, aizu.
—Horregatik ez, neska. Badakit ospitalean egun osoa egotea aspergarria dela, eta ez da ezer kostatzen bisita egitea –irten zitzaion Manuri, apur bat asaldaturik-. Eta? Bisita asko izan dituzu? Zu bezalako neska pertxenta batek hamaika izango zituen honezkero –egin zuen hitz beste ondoren.
—Ez pentsa. Batzuk bakarrik –nahigabetu zen Oihane, lagun berezi bat gogoan.
Isiluneak eta Oihaneren begirada galduak bultzaturik, Manuk ohe inguruak miatu zituen. Mahaitxoan loreak zeuden, eta bonboi-kaxa bat, eta beste bi liburu, eta lurrean peluxe erraldoi bat. Hortz markez beteriko sagarrari so egin zion jarraian. Buruan hatz egin ondoren, besoa luzatu zuen.
-Tori, bistan da hobeak badituzula, baina nik ere oparia ekarri dizut.
Oihanek irribarre egin zuen. Istripua jasan zuenetik lehen aldiz izan ezean, bigarrenez izango zen, asko jota.

Hiru aste eta bi egun geroago, Oihane Manuren alboan esnatu zen, eta bere besoaren azpian. Bero akigarria zen kasik, baina ez zuen axolarik. Ez zen besoa gainetik kentzen saiatu ere egin. Bere aurpegia ikusi ahal izateko baizik ez zen mugitu. Bistaurrean jada, lotan aingerua zirudien Manuk, emakume gaztearentzat. Eta zailago dena, baita esna zegoenean ere. Haragizko bekatuak ahaztuz gero, noski.
Bart gauekoa berezia izan zen, gorputza zein arimari dagokionez. Elkarrekin egondako lehen gaua izanik, elkar ezagutza ez zen sakona, eta guztia ezin hobeki suertatu zenik ezin esan. Hala ere, horrek ez zuen galarazi topo egitea indartsu eta kartsua izan zedin, aldika maitekorragoa ere izan zena. Oilo-ipurdia jartzen zitzaion Oihaneri ia, une bikain konkretu batzuk gogoan hartzen zituen aldiro.
Oihanek so liluratua eskaini zion Manuri, hura esnatu artean. Laztanak eta konplizitate keinu samurrak egin zizkioten elkarri, horixe gertatu zenean. Oihanek sudurrean eman zion muxu Manuri, eta Manuk kokotzean Oihaneri.
Bat-batean, Oihaneren begi argiak erabat belztu ziren. Maindireez baliatuz, bere gorputz biluzia estali, jaiki, eta Manurengandik zakartasunez aldendu zen. Hura bortizki eta zeharka begiratu zuen, begiak arranpalo.
—Kabroi alena. Ulertu dut. Ospitalera bisitan zer dela-eta etorri zinen azkenean asmatu dut. Eta hurrengo astean, kontzerturako soberan zenituen sarrera horiek zergatik oparitu zenizkigun, Itziarri eta bioi. Ulertu dut, mozkor haren aurrean ni defendatzearren, joan den egunean zergatik egon zinen jipoi bat hartzear. Pozik orain? Lortu duzu nahi zenuena, ezta? 



No hay comentarios:

Publicar un comentario