Xuberoa Salanueva

Xuberoa Salanueva 29 urteko Txantrearra da. Ikastola garaian piztu zitzaion ipuinak idazteko afizioa eta orduztik mota ezberdineko idatziak egin dituen arren, irakurle txikienei zuzendutakoak sortzen ditu azken aldi honetan, haiekin duen harreman zuzenaren ondorioz ziurrenik. Duela zortzi urtetik Gasteizen bizi da eta lau urte daramatza hezkuntza munduan. Bere hitzetan, ez da idazle erregularra, ideia sortzen zaionean edota barruak eskatzen dionean egiten du. 

Noiz sortu zitzaizun idazteko zaletasuna? 

Txikitatik idazten dut. 10-11 urterekin idatziko nuen gogoratzen dudan lehen ipuina. Ikastolan noizean behin etxeko lan bezala ipuinen bat asmatzea eskatzen ziguten eta gustura eginten nuen gauza bat zen. 

Kontakizun laburrak idazteaz gain bestelako literatura generotan ere aritzen al zara? 

Funtsean ipuinak idazten ditut, azkenaldian gainera haurrei zuzendurikoak dira gehienak. 

Zertan edo non aurkitzen duzu inspirazioa? 

Inguruko gertakizunetaz baliatu ohi naiz. Batzuetan esaldi batetik abia naiteke, bestetan irudi edo gertaeraren batek ematen dit ideia. 

Zein autore edo literatura genero duzu gustukoen? 

Azken bi urteetan gutxi irakurri dudala aitortu beharra dut. Boladak izan ohi ditut eta ez dut autore edo genero lehentasunik, ingurukoen iritziaz fidatu ohi naiz. 

Zein iritzi duzu auzoan Sagrario Resanoren oroimenez antolatzen den lehiaketaz? 

Ideia polita iruditzen zait, urtetik urtera indarra hartzen ari dela ematen du gainera; auzoko mugak txiki geratu zaizkio lehiaketari. Euskaraz gehiago idaztera animatuko nuke jendea hala ere. 

Bestelako literatura saririk jaso al duzu? 

Bai. Azken urteotan zenbait lehiaketetan parte hartu dut eta hauetako baten batean jaso dut sariren bat. 

Ezer publikatzeko asmorik al duzu? 

Asmoa... ez dakit baina gogoa... noxki!! Txikitatik dudan amets edo ilusioa da egunen batean libururen bat argitaratzea. Haur literatura sortzen ikusten dut nire burua baina marrazkilari trebe baten beharra dut horretarako... Inor ezagutzen? je! je!

No hay comentarios:

Publicar un comentario